Gasteizko Manuel Iradier kalean Euskal Herriko lehenbiziko jatetxe begetarianoetako bat zabaldu zuten 1987an. Hiru hamarkada igarota, haren jabeak, jatetxea uzteko garaia iritsita, euren filosofiari jarraituko zion norbaiten bila zebiltzala, Diego Apellaniz, Marco Bianchi eta Jon Rey agertu ziren. Gaur egun Museo del Organo jatetxeko bazkide berriak dira, lokala zerbait aldatu eta eguneratuta, «2020. urtera eramateko asmoz». Hilabetetsu baino ez du jatetxeak zabalik eta gutxienik lehen bezain ondo funtzionatzen duela ikusi dute. Baita ondo funtzionatzeko gogotik lan egin beharra dagoela ere.
Lehen bezala, beraz, elikadura eta bizimodu osasungarria aldarrikatu, sustatu eta eskaintzen dute arduradun berriek, eta jatetxearen «esentzia» kontserbatzen duen seinale, izen berarekin jarraitzea erabaki zuten. Baina zergatik Museo del Organo? Galdera bera egin zuten hiru bazkideek. Lokal horretan antigoaleko gauzak saltzen ziren aspaldi; ondoren organo denda eta tailer bat jarri zuten, pianoak konpondu eta afinatzen zituzten, eta duela 32 urte jatetxea zabaldu zutenean, jabeek ez zuten errotulu berririk jartzeko dirua, eta bere horretan utzi zuten oraintsu arte.
Izen berarekin baina haren diseinua aldatuta eta lokala txukundu ondoren, berrinauguratu egin zuten Diego, Marco eta Jonek. Bertan hartu dute GAUR8. Marcok esertzera gonbidatu gaitu, berehala antzematen zaion italiar doinuz; hala ere, harrigarriago gertatzen da egiten duen euskara zuzen eta egoki askoa, duela 17 urte Gasteizera etorri zenetik ikasia. Azaldu duenez, Diegok Artium Museoan lan egiten du, komunikazio eta marketin arloan, eta lan bertsua egiten du jatetxean, normalean bertatik kanpo. Aspaldiko lagunak dira Diego eta bera, herri mugimenduan elkarrekin ibiliak. Marco kimikaria da, eta Miñaoko Parke Teknologikoan ingurumenaren inguruko ikerketa proiektuak kudeatzen lan egiten zuenean, Jon ezagutu zuen, master bat amaitzera joan eta hantxe jarraitu baitzuen lanean.