Jatetxea martxan jarri eta sei hilabetera pertsiana jaitsi behar izan zuen Gasteizko begetariano ezagunak osasun krisiagatik; araudi finko baten faltan, etorkizunean lokala nola egokitu dezaketen erabakitzeko zain, bideragarri izan daitezkeen beste egitasmo batzuk dituzte mahai gainean.
Hiru hamarkada baino gehiago beteta, joan den urrian etapa berri bati ekin zion Gasteizko Museo del Organo jatetxeak. Lantalde berri baten eskutik, betiko jatetxe begetarianoari koska bat erantsi zioten, bertako ekoizleen aldeko apustua sendotu eta zapore berezien bila irudimena astinduta. Lehenengo estualdiak igarota, ibilbideaz gozatzen hasteko momentuan pandemia heldu zen, eta, noski, proiektua eten behar izan zuten. “Sorpresa txarra” Marco Bianchi (Erroma, 1979) jatetxeko arduradunak –Diego Apellaniz eta Jon Reyrekin batera– nabarmendu bezala.
Negozioa martxan jarri eta berehala heldu zen etena…
Bai, guretzat albiste txarra izan da. Hilabete batzuk generamatzan lanean, nahiko ongi gainera, egindako inbertsioa berreskuratu genuelako, eta nolabait zero momentua zen guretzat, negoazioari etekina ateratzen hasteko momentua. Eta bat-batean etena.
Zein erabaki hartu zenuten orduan?
Hiru bazkide gara eta bost langile ditugu. Lehenengo helburua langileak babestea zen, eta langabeziko dirulaguntza bermatzea. Hasieratik, aldi baterako lan erregulazioa eskatu genuen langileentzat, eta hori ere nahiko konplikatua izan zen. Ondoren gure jarduera eten genuen, eta alokairua ordaintzeko Jaurlaritzak Lanbiden proposatutako zirkuarekin hasi ginen; horren erantzunaren zain gaude oraindik.